2018(e)ko urriaren 3(a), asteazkena

FEMINISMOA KALEAN

" El feminismo es la doctrina social que favorece a la mujer" dio RAE hiztegiak. 
Eta bai RAE, zuk atsegin ez arren, oker zabiltzala esan beharrean gaude. Noiztik da ba feminismoa doktrina bat? 
Ez al du ba feminismoak bi generoen arteko berdintasun totala helburu?  Askok hala pentsatu arren, feminismoa gizonezkoentzat ere onuragarria da. Asko baitira maskulinitatearen ziegan gehiago jasaten ez dutenak, inposatutako gizon eredua zalantzan jartzen dutenak.

Eta beraz, zer da feminismoa? Zer ez? Emakumeen kontua soilik al da?
Galdera asko daude gaiaren inguruan eta pertsona desberdinen erantzunak bilatzeko asmotan kalera jo dugu. Hauek dira gaiaren inguruan jaso ditugun jendearen esaldi batzuk:

Feminismoa emakumeen eskubideak lortzeko borroka da.

Gizon eta emakumeak ez gara berdinak, nik ez dut gizona izan nahi, baina eskubide berberak izan beharko genituzke. 

Ni ez naute titi bistan diren emakumeak ordezkatzen.

Feminismoa gizonen eta emakumeen kontua da. Elkarrekin lortuko dugu berdintasuna.

Hezkuntza feminista da matxismoa gainditzeko tresna.
 





Entzundakoak aztertu eta gero ideia hauek azpimarratu nahi genituzke:

Feminismoa ez da inolaz ere matxismoaren antonimoa.

Bestalde, gu behintzat, ordezkatzen gaituzte titi bistan ibiltzen direnek. Bai eta, ilea estaltzeko, zapia daramatenek ere. 

Azkenik, emakumeok aintzat hartu beharko genuke aurka duguna indartsuagoa dela gure artean aliatuak aurkitzen dituenean.

2018(e)ko irailaren 28(a), ostirala

HESIGABEZI TALDEAREN SORRERA

Institutu honek Hezkidetza proiektua izan du 2014-2015 ikasturtean hasi eta 2016-2017
ikasturteen bitartean.  Proiektua ezarri eta urtebetera irakasle arduradunak
ikasle talde baten proposamena jaso zuen bere laguntza eta parte hartzea aldarrikatuz.
Ordutik gaur arte Hezkidetzako Ikasle Batzordea izan dugu eskolan, DBH 3. eta 4. mailako
nahiz batxilerreko ikasleek osatua.

Talde honek lan interesgarria egin izan du azken hiru urteetan. Hiru urte horietako esperientziak erakutsi digu ikasleen protagonismoa ezinbesteko baliabidea dela edozein ekimen sustraitu eta ikaslearentzat esanguratsua izan dadin. Hezkidetza taldeko ikasleen urte hauetako lana erabat borondatezkoa izan da, jolas orduetan nahiz eskola orduak bukatzean elkartzea eskatzen zuena. Ikasleen Hezkidetza Batzordeak ideiak baditu eta ekimenerako ilusioa ere bai. Lana modu iraunkor batean egin ahal izateak eduki ditzakeen onuraz, bai ikasleentzat baita ikastetxearentzat ere, jabetu dira.